IRRATIA ETA FANTASMA, Günther Andersen aitzakiatan


(Testu hau irakurtzerako orduan, nahi baduzu, hartu irrati transistore bat, piztu eta mugitu diala irrati-kate jakinik ez eta zarata baizik harrapatzen ez den tarteren batera.

Edo are hobe, imajina ezazu zarata hori zeure buruan, inongo irratirik piztu gabe.)


Orokorrean esan daiteke, fantasma, osoki eta garbiki eta guztiz presente ez dagoen zerbait dela, erdizka entzun, ikusi, sumatu ala haren berri izan arren. Erdi-presentzia, erdi-absentzia.


Hitzaren adieretako batean, irudikapena, ametsa edo gauza fantasiazkoa litzateke. Pertzibitu ala izendatu dugun arren, geure pentsamenduaz beste izate errealik ez duen zerbait, imajinazioaren engainu bat. Eta inork iruzur egin eta existitzen ez den zerbait saldu badizu, gauza fantasma bat erosi duzu. Lau sagar agindu eta hiru badaramatzazu, sagar fantasma duzu laugarrena.


Beste adiera baten arabera, hezur haragizkoa ez den kontzientzia edo izaki bat litzateke, arima edo espiritua. Kasu gehienetan kontsideratzen dugunez, noizbait geure mundu honetan bizirik egon eta hil ondoren, inteligentzia edo gogoa baizik ez dena. Geure eremu honetan agertzen dira batzuetan mezuren bat emateko edo galduta daudelako, eta haiekin harremanetan jarri daitezke mediumak; horretarako sentsibilitate berezia dutenak.


Hedaduraz, beste gauza asko ere badira fantasma, hitz hori asko erabili baita presentzia hain presentea ez duen edozer gauzari buruz jarduteko. Esaterako, biztanlerik edo erabilerarik gabeko lekuei edo iraganeko oroitzapenei buruz. Herri fantasma esaten diogu biztanlerik gabeko herriari, bertan noizbait bizi izandakoa irudika dezakegulako oraingo arrastoei begira, edo oraindik noizbait izan dezakeena. Pentsamenduan pasatzen ditugu leku hartako irudi eta soinu posibleak, eta pentsamenduak eta oroitzapenak askotan izan ohi diren bezalaxe izango dira solteak eta lausoak.

Presentzia lausoari zentzu ilun eta negatiboa gehitzen zaio askotan, eta fantasma esan ohi diegu gaurko eta etorkizun hurbileko beldur eta arazo batzuei. Hurrengo agerraldia laster egin dezakeen arazo errepikakor bati. Hurrengo beheraldiari, ustekabeari. Edo azpilanaren susmoari: ustelkeriaren fantasma adibidez. Oraindik ezkutuan baina agerraldia edozein momentutan egiteko prest egon daitezke. Fantasmaz beteta dago orobat etorkizun urrunagoa: ekonomia-krisi baten mehatxua, klima aldaketarena, gerrateena...


Pentsalari batzuk ere jo izan dute “fantasma” terminora, gauza ezkutu eta lausoei buruz aritzeko, eta ezagunenetarikoa genuke manifestu komunistakoa: “fantasma bat dabil Europan barrena...”. Esan zezaketen “haize bat dabil”, “olatu bat”, “usain bat”, baina fantasmak badu berekin zerbait misteriotsuago edo siniestroagoa, irakurtzen edo entzuten dugun momentuan beste era batera kolpatzen gaituena. “Herri hutsa” esateak ez du gatz ez graziarik, eta besterik da “herri fantasma”. Manifestu komunistan jarri balute “haize”, inork ez zukeen haizea zentzu animista batean interpretatuko, fantasma ordea bai.


Irratiak asko du fantasmatik. Orain, hori horrela esateak gehiegikeria dirudi, gaur egun tomate poto bat bezain arrunta delako irrati transistore bat. Baina ez datorkigu gaizki irratia fantasma modura pentsatzea, bizi garen munduaren nolakotasunen kontzientzia handiagoa hartzeko, ohituraz normaltzat hartzen duguna hain normala izan ez dadin, eta hala hobe aztertu ahal izan dezagun.


Hori esateko arrazoien artean genuke, alde batetik, medium batzuek diotena. Euren lana azaltzeko, irratia jarri izan dute adibide modura. Irrati uhinak edonon baitaude, nahiz eta guk ez nabaritu, eta jasotzeko gai izango den zerbait behar izaten dugu entzun ahal izateko. Transistoreak agerian jartzen ditu soinu horiek, eta gainera irrati-kate ezberdin asko ere badaude. Ezagutzen ez ditugun errealitateak hemen bertan, inguruko uhinetan dabiltzala esateko adibide bezala erabiltzen dute irratia.


Rudolf Arnheim psikologo eta pentsalari alemaniarrak irratiari buruzko liburu bat argitaratu zuen 1936an, oraindik tresna berria zenean, eta aipatuta utzi zuen irratiak zer izu eta ezinegon sor zezakeen, gorputzik eta ahots kordarik gabeko makina batetik giza ahotsa edo musika ateratzen zirelako. Beste presentzia mota bat da telebistarena, irudia ere badakarrelako, eta fantasmalagoa da irratia, bere presentzia gertuago dagoelako absentziatik. Gorputzik gabea izateaz aparte, gainera, bazen beste faktore bat ezinegon hori areagotzen zuena, eta soinuaren berezko indarra da hori. Musika barruraino sartzen zaigu, izan ere. Gugan eragiteko gaitasun oso handia du, irudiak ez bezalakoa. Jarri nota batzuk elkarren ondoan, eta oso erraz lor daitezke sentimendu biziak sortuko dituzten melodiak. Film batean, esaterako, erraz lortzen da ikusleak negarrez jartzea, horretarako musika egokia aukeratuta. Edo erraz prestatuko da erromeria, dantzarako musika egokiarekin. “Haizeak” eta “fantasmak” ez dute kolpe bera, eta irudiak eta soinuak ere ez.


Orain inork ez du irratiaren izurik, soinuak bidali ala erreproduzitzea munduko gauzarik arruntenetarikoenen artean ditugulako. Ahotsak distantzia luzeak ebakitzen ditu etengabe, normal-normal, eta ia denok daramagu soinean horretarako gai den gailu bat. Egin kontu, 2020 honetan bozgorailu adimendunen garaian bizi garela. Irratia ezdeus ikusten dugu horrelako aparatu baten ondoan, eta ikara gehiago sor dezakete orain Amazon, Google eta beste konpainia batzuen bozgorailu horiek. Merkaturatu eta berehala sortu ziren honen moduko albisteak: “barre egiten dute bat-batean, arrazoi jakinik gabe eta isiltasunaren erdian, erabiltzaileak ikaratuz. Konponbide bila ari dela esan du konpainiak.” Gorputzik gabeko ahotsak ez du ikararik sortzen, guztiz ohitu garelako, eta inteligentzia artifizialak sortzen ditu ezinegon batzuk, oraindik berria delako.


Irrati transistoretik bozgorailu adimendunera dagoen saltoak ez du mende bat ere behar izan, eta abiada biziaren adibidea da hori. Gizakiak hartutako bidearen eta garapen tekniko azkarraren arriskuak seinalatu zituen Günther Anders filosofoak 50eko hamarkadan, Die Antiquiertheit des Menschen lanean. Makinen, komunikabideen eta gerrarako armen garapenaren ondorioei buruz idatzi zuen, oso idazkera errazez, bere helburua alarma sortzea baitzen, eta irakur zedila ahalik eta gehien. Erreferentziazkoa bilakatu zen mugimendu anti-nuklearretan. Funtsean, ideia batek laburtzen du liburua, eta ideia hori da, gizakia txiki geratu dela garatu duen guztiaren aurrean.


Irratia eta fantasma, bi hitz horiek asko erabili zituen liburuan. Telebista ere bazen ordurako, baina telebista baino are gehiago aztertu zuen irratia, soinean bazter guztietara eraman zitekeen fantasma zelako irratia, etxean geldi egoten zen telebista ez bezala. Edonon egonda ere, piztu eta bar-bar-bar ekarriko zituen munduko berriak lagun gorputzgabeak. Munduko gertaeren jakinaren gainean egon nahi zuenak, etxean behar zuen egon, edo irratiaren ondoan, non gertaerak zerbitzatzen ziren, txorrotako ura bezala, eta hor zetozen futbol partidua, meza, albistegia. Irratiari fantasma zergatik deitzen zion ez dago gehiago azaldu beharrik, baina beste zentzu batean ere lotu zituen irratia eta fantasma: irratiarena bezalako presentzia bat ondoan izateak, munduaren beraren presentzia antzaldatzen zuela zioen, mundua ikusteko eta ulertzeko modua aldatuz, lausotuz, eta beraz mundua fantamalago bihurtuz. Irratia den fantasma horren presentzia zenbat eta presenteago egin, orduan eta fantasmalago bihurtzen da errealitatea, orduan eta bestelakotuago eta arroztuago.


Berriz ere gehiegikeria dirudi honek, irratiak erabat ohituta gauzkalako, eta ez dagoelako inongo eztabaidapean. Sukaldeko zartagin bat bezain objektu arrunt-normala da irrati transistorea, eta harekin pasioan ibiltzea xalo eta samurki lotu ohi dugu jende nagusiarekin, galzorian dagoen ohituratzat hartuta. Kalean aurikularrekin ibiltzea gehiago kuestionatzen da, berriagoa delako, eta berdin gertatzen da smartphonekin edo sare sozialekin, edo aipatutako bozgorailu adimendunekin. Irratia bere momentuan izan zenaren parekoak lirateke horiek. Eta interneta, ia zartagina bezain normal bihurtuta dago ja. Sakelako telefonoak ere berdin. Baina gehiegikeria irudituagatik ere, ez datorkigu gaizki gauzak Andersen erara pentsatzea pixkatean, ohituraz normaltzat hartzen duguna hain normala izan ez dadin.


Aurrerapen teknologikoen inguruko eztabaidetan, argumentu ohikoa izaten da esatea berez ez direla ez onak ez txarrak, eta egiten den erabilera dela ona ala txarra. Bere garaiko argumentu zabalduenen artean jartzen du Günther Andersek ere, eta berak dio ez, ez, ezetz, gailuak eurak badirela zer, eta eraldatzaileak direla tresnak bere horretan. Ezin ditugula bitartekoak eta helburuak modu argian ezberdindu, errealitatea ez delako halakoa, geure existentzia ez delako garbi mugatutako zatietan banatzen. Bizitza zati baten aurrean zail da bitartekoa edo helburua den esatea. Gizakiaren garapen teknikoak hartutako bidearekiko errezeloak agertzen ditu horregatik. Bitartekoak etengabe sortu eta garatzea, itsuan, eta guzti hori hoberako izango dela pentsatzea, zalantzan jarri beharrekoa zen, bere eskala berezkotik kanpo ikusten zuelako gizateria.


Konta dezakegu bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi... Erraz irudika dezakegu zer den gauza bat, zer diren bi gauza, zer diren hiru. Hamar ere bai, eta hogei, ehun da hamar bider hamar, berrehun da bi bider ehun... Zenbakiak hazi ahala gero eta zailago egiten zaigu hori zenbat den irudikatzea, eta arrazionalki ulertu arren zenbaki oso ezberdinak direla, puntu batetik aurrera dena da berdin geure irudikapen edo sentimendu gaitasunerako. Lanak izango ditugu mila milioi eta ehun mila milioiren arteko aldea sentitzeko, zifra kopuru ezberdina dutela ikusteaz eta arrazionalki ulertzeaz beste.


Andersek dio heriotza bat “uler” edo senti dezakegula, harekiko atsekabea senti dezakegula, eta beharbada hamarrena ere bai, zailtasunez. Baina hortik gora ez. Hala ere, gaitasun teknikoa garatu dugu kolpean hamar mila edo gehiago akabatzeko. Badakigu hamar mila heriotza zer diren, baina jakin besterik ez dakigu. Horregatik esan daiteke gizakia txiki geratu dela garatu duen guztiaren aurrean, eta gutxi irudika eta senti dezakegula egin eta jakin dezakegun guztiaren aldean. Hitza besterik ez litzateke apokalipsia, eta “arimak greba” egingo luke ideia horren aurrean.


Ibiliagatik fantasma gora eta fantasma behera, hala izendatu gabe utzi zuen Andersek bere liburuan dabilen beste fantasma bat; gizateriaren amaierarena. Bonba atomikoa zen bere garaiko mehatxu handiena, eta oraindik ez zen jakitun benetan zer albo kalte ekarriko zituen garapen etengabeak. Orain badakigu itsas maila igotzen ari dela, muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta sarriagoak izango direla, lehorteak etorriko direla, eta migrazioak klima dela eta. Horiek dira geure etorkizuneko fantasmetako batzuk.


Tonu ezkorrez idatzirik dago Die Antiquiertheit des Menschen, baina oso amaiera aldera, gizateriaren norabide hori aldatzeko aukeraren bat eman dezakeen teknika bat proposatzen du, eta teknika hori litzateke musika. Sentitzeko gaitasuna handitu eta moldatzean legoke gakoa, ulertu eta sentitu ezin dugun hori ulertu ahal izateko, eta soinuak beste ezerk ez bezalako indarra dauka horretan eragiteko, lehen esan dugunez. Arteak ez baitira sentimenduak espresatzeko —hala izatekotan, aspergarri porrokatua litzatekeena—, sentimenduak zabaltzen dituen zerbait baizik, eta ohituraz modu jakin batean ulertzen duguna bestelakotuko duen zerbait.


Musikari batentzat erakargarria da halakorik irakurtzea. Nori ez zaio gogoa berotuko norbere jardunari halako garrantzia eta misioa ematen zaizkionean... Munduaren salbatzaile, alajainkoa. Berehala dirudi ez errealista, hala ere. Hainbeste esperimentu egin ditu hainbeste artistak, musika elektronikoak hainbeste zabaldu zituen aukerak, eta halarik ere ez dirudi horra irits gaitezkeenik. Alabaina ariketa ona izan daiteke pentsatzea zein edo nolakoa izan daitekeen musika hori, sentiaraziko diguna zer diren hamar mila heriotza, zer den bonba atomikoa, edo gizakiak sortu duen guztiaren eskala.


deskargatu pdf